Sunday, December 24, 2006

OLENTZERO


Betidaniko gure basoetan, guk ikusi ezin ditugun izaki ezberdin asko bizi dira. Izadi magalean bizirik, ipuin eta alegiak sortarazi dituzte.

Mendi ibarretan gabiltzala, irudimen zoko kutunetik, lagundu eta zaintzen gaituzte.

Hona hemen horietako baten kondaira, Olentzeroren historia, gizon apala izandakoa, bere maitasunez bai mamuen, bai gizakien bihotzak bereganatu zituenak.

Behin batean, duela urte asko eta asko. Euskal Herriko baso sakonetan bizi izan zen lamia bat, oso oso ederra zena; ileal, eguzki antza, horiak eta begiak argiz bete-beterik zituen.

Lamia guztiek bezala, berak ere herrietako jendea zaintzen zuen haien baserrietan, eta Prakagorri mamu txiki eta umoretxuak berarekin ibiltzen ziren beti, haren eginkizunetan laguntzen.

Egun batez, mendiz mendi zebiltzala, lamiak ohi zuen bezala bere ilea iturburu eder baten ondean orrazten ari zen bitartean, prakagorriek harriturik iratz artean zerbait mugitzen zela nabaritu zuten.

Lamia bere ile kizkurra orrazten eta orrazten ari zen, bere ondean zer gertatzen zen konturatu gabe, baina prakagorrien deiadar biziak haren arreta ernarazi zuten.

- Gizakume bat da hori– esan zuen mamutxo zaharrenak.

- Zergatik utzi ote dute?– esan zuten aho batez prakagorri guztiek.

- Ez dakit ba, zergatik izango ote den…– esan zuen lamiak – ezin ulertzeko bezain kupigabeak izan ohi dira gizakiak askotan.

- Gaurtik aurrera– esan zion lamia gazteak umeari – Olentzero izango duzu izena, jai bat izan baita guretzat zu aurkitzea. Bizi zaren bitarteraino nik ematen dizkizut Indar, Kemen eta Maitasun dohaiak.

Gero denak batean basondoko baserri zahar baterantz abiatu ziren. Bertan senar-emazte zahartxo batzuk bizi ziren, artean seme alabarik izan ez zutenak.

- Horien bihotzak poztu egingo dira zeharo haur honekin eta ondo zainduko dute– esan zuen gozo-gozo lamiak.

Goiz argia hasi zenean, nekazaria bere baserritik atera zen behiak jezteko asmotan, eta zur eta lur eginda, deaidar haundiz hau esan zuen:

- Ene emaztea, etorri azkar-azkar. Hona zer haurkitu dudan!

Gizon-emakumeak poz-pozik jarri ziren haurtxoa bilatu zutenean.

- Zeruak emandako erregalia dugu hau– ohiu egin zuen emazteak–.

Berehala zapi gozo beroaz inguratu zuten umea eta janaria eman, bere semetzat hartuz.

Honela mendi zoragarri haietan egin zituen Olentzerok bere urteak, gizon mardul eta Bator bihurtu arte. Bere gurasoak zorionez beterik bizi ziren eta Olentzero bera ez zen, ez asko ez gutxi axolatu bere sorrera berezi hartaz.

Goizetik arratseraino lan egiten zuen egunero, ikatza egiten eta bere aita zaharrari laguntzen.

Azken batean Olentzerorentzat guraso eta babesle maitagarri izan ziren agure haiek hil egin ziren eta Olentzero bakar-bakarrik gelditu zen baserrian.

Urteak joan, urteak etorri, aurpegia zimurtzen hasi zitzaion, eta bere buruko ileak, elur antza, txuritzen hasi ziren.

Bere bihotza goibeltzen ari zitzaion, eta bakardadearen iluntasunak bere burua hondatzen zuela ikusiz, beste jendeari lagundu ziezaiokeela konturatu zen.

Gogoratu zuen, herrian, etxe txiki batean, umezurtz ziren haur batzuk bazeudela, Erico jendeak emandako gauzei esker bizi zirenak, eta pentsatu zuen balitekeela gaztetxo haiek ere bera bezala, bakardadearen minez bizitzea.

Olentzero gizon argia zen eta eskulanetarako abila. Ume haientzat egurrezko jostailuak egiten hasi zen, gizontxoak eta panpinak, gero herrira ikatza saltzera zihoala umezurtzei eramateko asmoz.

Panpina eta gizontxoak bukatu zituenean zorro haundi batean sartu zituen eta, asto gainean ezarri ta gero, herriantz jo zuen alportxak ilusioz bete-beterik zeramazkiela.

Poz handi-handia sentitzen zuen barruan egun hartan; begiek dir-dir egiten zioten aspaldiko partez.

Goiz guztia eman zuen mendiz mendi, bide zidorretan ibiliz, herrira iritsi arte.

Poz-pozik zegoen, irripar egiten zuen ametsetan bezala, umeekin banatuko zituelako berak sortutako gauza polit guzti haiek…!

Herriko txikiek Olentzerok emandako jostailuak alai asko jaso zituzten eta harrez-keroztik, arratsalde osoak igaro ohi zituen Olentzerok umeekin jolasten eta aita zaharrak txikitatik berari kontatutako aspaldiko ipuin eta istorioak beraiei kontatzen. Neska-mutilek asko maite zuten Olentzero eta aurrerantzekoan ez zuen bakardadearen mina sentitu. Herri hartan oso ezaguna egin zen Olentzero. Herri aldean agertzen zenean, txikitxoen zurrumurruak inguratzen zuen beti.

Urte asko, eder eta zoriontsu, igaro ziren horrela, baina egun batean ekaitza izugarri bat sortu eta zabaldu zen menditarte eta herri haietan, dena hondatu zuena. Haize zakar hotzak eta trumoien durundak jendea asaldaturik utzi zuten.

Egun batez Olentzero herrira iristen ari zela, tximista bat ikusi zuen etxe baten barruan sartzen.

Ahal izan zuen moduan eta kemen guztiaz haraino hurbildu zen eta ikusi zuen bertako umeak lehioetatik garraxi eta deiadar egiten zutela izuturik, laguntza eske.

Zalantzarik gabe etxe barrura sartu zen eta burusi batez haurrak inguratu ondoren surtatik babesteko, kanporatu zituen danak behe solairuko lehio batetik.

Berentzat irtenbide bat bilatzen zuen bitartean, egurrezko haga zahar handi bat sorbalda gaitera erori zitzaion. Oinaze biziz erorita zegoela, Olentzeroren bihotza, leial eta jatorra, atertu egin zen.

Herriko jendeak negar egiten zuen etxe hura erretzen ikustean eta ezer egiterik ez zegoelako.

Une larri hartan harriturik gelditu ziren, etxe barruan argi zoragarri batek dirdir egiten zuela ikustean. Kanpoan zeudela ezin zuten ikusi barruan gertatzen zena.

Garai bateko lamia eder hura agertu zen ustegabean Olentzeroren aurrean eta ahots gozo-beroaz honela esan zion:

- Olentzero! Olentzero!...

- Gizon handia izan zara, leial eta bihotz onekoa. Zure bizia besteengatik eman duzu eta.

- Gaur, hemendik urruti, haurtxo bat jaio da, mundura Argia ekarri duena, betirako Bake Printzea deituko diotena. Zu zara aukeratua, egun honetan eta mendez mende, Berri On hau mundu guztira eramateko, auzo eta herri guztietara. Horregatik beti-beti biziko zara. Hemendik aurrera jostailu eta opariak ez dituzu herri honetan bakarrik banatuko, baizik eta Euskal Herri guztian.

- Guk lagundu egingo dizugu!deiadar egin zuten prakagorri guztiek, Olentzeroren inguruan hegaka.

Honela, antzinako ele zahar hau sartu zen gure eguberritako ohituretan eta horregatik artero Gabon egunean gure etxe eta ateak irekitzen dira maitasunarentzat eta Olentzerorentzat.

Euskal Herriko ele zaharrek honela diote: Izena duen guztiak izana ere badu.



--------------------------------------------------------------------------------

OLENTZERO ABESTIA

Olentzero joan zaigu

Mendira lanera

Intenzioarekin

Ikatz egitera.

Aditu duenean

Jesus jaiodala

Lasterka etorri da

Berri ematera.

Horra horra, gure Olentzero

Pipaortzean duela eserita dago

Kapoiak ere baitu arrautxatxaoekin

Bihar meriendatzeko botil ardoakin

No comments: